OparipuinakUncategorized @eu

Aitarik gabeko printzea

 

    Aitarik gabeko printzea Maite Frankok Elgoibarko Maite ama eta Beñat semeari idatzitako ipuina

 

Maitek Maiteri

Intseminazio artifiziala eta bakarkako amatasunaren gaia nola azaldu lau urteko ume bati? Ipuin bat idazteko eskatu zenidan, Maite, zure Beñat txikiari nondik ote zetorren kontatu ahal izateko. Ardura handia niretzat, baita erronka interesgarria ere. Maitasun guztiarekin sortutako istoriotxoa duzu hau, zure seme artistari (eta zure hitzetan) goxo-goxo kontatzeko pentsatua. Hortxe doa! 


 

Aspaldian, Debabarrena aldean, printzesa bat jaio zen. Festa izugarria eman zuten jauregian, jan-edari eta ikuskizun paregabeekin (musikariak, pailazoak, erraldoiak, magoak, malabaristak, akrobatak …, inguruko artista guztiak etorri ziren.) Gonbidatuen artean, mundu zabaleko hamaika erregina eta errege, printzesa eta printze, margolari eta idazle, eta baita zenbait pentsalari eta igarle ere.

Erresuma hartan ohitura zen  bezala, artean printzesak izenik ez zuen. Festa hartan bertan erabakiko zuten gonbidatuen proposamenak entzun ondoren. Gonbidatuok, haien artean eztabaidatu ondoren, izen bat aukeratu zuten gehienontzat esanahi interesgarria zuena: Mai.

–        Eskoziarrentzat, Mai izenak bitxilorea edo margarita esan nahi zuen.

–        Japoniarrentzat, distira, ospea edo gailurra.

–        Italiarrentzat, noizbait edo inoiz ez.

–        Astronomoentzat, numerologian adituan zirenak, izen horri esker printzesak nahiaren indarra, jakin-mina, aldaketen beharra eta askatasunaren premia izango zituen.

Erregina eta errege euskaldunok beso zabalik hartu zuten proposamena. Izan ere, mahaia haientzat leku  kuttuna zen, bai jan-edateko, baita berbetan jarduteko ere; eta bestaldetik, Mai Maite izenaren erdia ere bazen. Jan-edariarekin eta maitasunarekin lotutako guztia ondo iruditzen zitzaienez, (azken batean atsegina edo plazeraren iturri dira biak) munduko izenik egokiena iruditu zitzaien Mai hura.

Mai hazi zen, libre hazi ere. Erresuma hartako mendi eta bailara, ibai eta errekasto, txoko eta zirrikitu guztiak arakatu zituen, haren jakin-min aseezinak gidatuta. Bitxilore basatia zirudien, lekurik ezkutuenean aurki zezaketen, bere izaera libre horrekin dena haize freskoaz betez. Bestaldetik, sena eta nahien arabera jokatzen zuen, bere egitasmorik zailenak aurrera eramatea lortuz.

Eta jakina; garai hartako printzeei ez zitzaizkien honelako printzesak gustatzen. Eta gure Mai ere sasoiko printze tente-prepotente horiek erakarri ez. Harremanak izan, izan zituen batekin edo bestekin, baina zoratzeko moduko gizonik aurkitu ez gure printzesa libreak.

Maitasunaren kontu horietan pentsatzean, amak zera esan zion:

–         Agian hortxe duzu, laztana, zure harremanekin beti “erdizka” gelditzearen arrazoia.

–        Lasai, ama. Printzerik gabe ere oso zoriontsua izan ninteke. Nahiago bikotekiderik ez izan erdipurdiko bat eduki baino.

Mairen gurasoek harengan konfiantza osoa izanik, ez zuten inorekin ezkontzera behartu. Eta horrela, izen horrek bere baitan zeraman beste profezia bete egin zen: ez zen inoiz ezkonduko. Hala ere, behin adin batera iritsita, gure printzesa aztoratzen hasi zen. Ez zuen printze baten maitasun faltsurik faltan botatzen, ez; bai, ordea, bikotekide horrek eman ziezaiokeen beste zerbait: amatasuna.

amona-lora

Ba ote dago umea sortzerik aitarik gabe?”, galdetzen zion bere buruari behin eta berriz. Behinola, zaldia hartu eta herriz herri ibili zen, galdera honi erantzuna emango zion norbaiten bila. Aurkitu zituen sorgin, azti, igarle, petrikilo eta sendagile guztiengana jo zuen, azkenean loreak zaintzen ari zen amonatxo baten etxean erantzuna topatuz.

–        Bitxilore, bitxilore, zure tximeleta agertu ez? – esaldi enigmatikoaz harrera amonatxoak.

–        E? Kaixo, Mai dut izena.

–        Badakit, neska. Loreen sorgina naiz. Dena dakit haien inguruan. Beno, dena ez, baina nire burua saltzen ez badut, nola lortuko ditut bezeroak? Tira, ez dut zurekin denborarik galduko. Ume bat izan nahi duzu, ezta?

–        Bai, horixe baietz.

–        Erreza da oso. 10.000 urrezko txanponen truke lortuko duzu. Nola ordaindu nahi didazu, metalikoan ala txartelarekin?

–        Zer?

–        Ene, barkatu. Etorkizunera bidaiak egiten ditut askotan. Txanponak ekarri al dituzu?

–        Hainbeste ez. 5.000 baino ez ditut hartu. Diru bila joatea nahi al duzu?

zakua

–        Berdin da. Emango didazu, emakumea. Sartu.

Printzesa sorginaren etxean sartu zen. Aldez aurretik dirua zuen poltsa eman zion. Sorgin zintzo eta diruzaleak balantza bat hartu eta poltsa pisatu zuen.

–        Itzuli bihar. Ordurako dena prest izango dut eta.

Printzesak herri hartan bertan ostatu hartu, eta goizean goiz sorginaren etxean agertu zen.

–        Egun on, Bitxilore Basatia. Sartu, sartu. Etzan zaitez hemen. Begiak itxi eta zelai berde batean zaudela pentsatu. Eta hobeto esanda, zelai hori zeu zarela pentsatu. Nik hazi bat hartu eta bertan landatuko dizut. Zure baitan dagoen distirari esker, argia eta berotasuna jasoko ditu; eta jan eta edaten duzunaz ere elikatu egingo da hazia, zu zaren lur-sailetik loretxo eder bihurtuta ateraz.

–        Aizu, baina negutegitzat hartu al nauzu? Nik ume bat nahi dut.

–        Poesia zen, neska! Gutxiegi ordaintzen didazue, prezio berean olerkitxoak ere oparitzen dizkizuet eta!

–        Eta hazi hori, nondik atera duzu? Gizon baten hazia al da? Norena?

–        Zenbat galdera! Ai nire Bitxilorea, jakin-minez betea! Gizon batena da, bai, baina ez duzu inoiz norena ote den jakingo. Beste gauza bat. Hasi aurretik beste zerbait esan behar dizut.

–        Bota!

–        Ume bat bakarrik hazi eta heztea oso nekagarria suertatuko zaizu sarri, esker txarrekoa batzuetan eta eramanezina tarteka. Neke-izerdiak eta negar-malkoak botako dituzu maiz. Baina izerdi eta malko horiek ez dira alferrikakoak izango,  zure umearengan maitasunaren hazia loratzeko ongarria izango dira eta. Ez ezazu hau inoiz ahaztu!

Printzesak begiak itxi , bere erresuman arakatutako lur-sailak gogoan hartu eta lur sentitu zen, lur emankorra, lur eskuzabala. Sorginaren etxetik atera zenerako, seme baten haurdun zegoen.

lorak2

Haurdunaldian ibilaldi luzeak eman zituen lur-eremu haietan barrena, bitxiloreak, mitxoletak, txikoriak, urrebotoiak eta zaingorriak laztanduz, eta tarteka loreen sorgin olerkaria ere bisitatuz, dena ondo ote zihoan jakiteko.

Handik 9 hilabetera, Maik bere ametsa bete zuen: noizbait umetxo zoragarria ekarri zuen mundura. Erregina-erregeak, pozez zoratzen zeuden. Di-da batean, alaba jaio zenekoaren antzeko festa izugarria antolatu zuten jauregian berriz ere, jan- edari eta ikuskizun paregabeekin (musikariak, pailazoak, erraldoiak, magoak, malabaristak, akrobatak …; inguruko artista guztiak etorri ziren.) Mundu zabaleko gonbidatuak ere hantxe azaldu ziren berriro (hamaika erregina eta errege, printzesa eta printze, margolari eta idazle, eta baita pentsalari eta igarle ere.)

Eta erresuma hartako ohiturari jarraituz, oraindik printze jaioberriak izenik ez. Gonbidatuok haien artean luze eztabaidatu zuten oraingoan, baxu-baxu, hitz eginez baino xuxurlatuz,  egoera delikatuenetan delikatuena iruditzen baitzitzaien: aitarik gabeko umeari izen ona  aurkitu nahi zioten, babesa, indarra eta jakinduria nahikoa emango zizkiona; gerlari izaera eragingo zion zerbait aurkitu behar.

Argudio hauek printzesari ez zitzaizkion batere gustatu. Zergatik beharko ote zuen babes bereziagorik? Ez al ziren konturatzen bi guraso zituzten hamaika ume hor barrena zebiltzala aita egunero ikusi arren haren presentziaz apenas jabetu gabe? (Nahikoa maitasun eta arreta eskaintzen ez zizkietelako, jakina). Gainera, Maik bazekien umea bik adina maitatzeko eta babesteko gai bazela. Ez zuen babes gehigarriren beharrik. Hala ere, ezer esan ez eta proposamen guztiak entzun zituen.

principeGonbidatu alemaniarrek Bernhard aukeratu zuten, umea hartza bezain indartsua, boteretsua eta ausarta izan zedin.  Eta hartz-bihotza ere izan zezan. Denei oso izen egokia iruditu zitzaien, hizkuntza askotan esan baitzitekeen (Bernard, Bernt, Bernat, Bernardo, Bernardino, Bernd …), eta jakina, baita euskaraz ere: Beñat.

Igarleek beraien aldetik, izen horrek ume bizi-bizia, mugitua, energiaz gainezka, burugogorra, pentsalaria eta, hartz-bihotza zuen heinean, indartsua bezain ekologista ekarriko zuela iragarri zuten. Azken ezaugarri hauengatik, agian, izena gustatu eta aukeratu ere egin zuen Maik. Bai, Beñat oso izen egokia zen gure Bitxilore Basatiarentzat.

Eta izenak izana ere badaramalako, Beñat oso ume bizia izan zen hasieratik, mugimendu finekoa normalean, eta  baita hartz bat bezain zakarra ere beste batzuetan. Animalia horrek asko markatuko zion nortasuna. Beste adibide bat jartzeagatik, hartzari eztia gustatu eta Beñatek ere gozoa maite. Hartzak loaldi luzeak, eta Beñatek ere bai (aukeran, amatxorekin goxo-goxo, amaren pelutxezko hartza bihurtuz.) Zirkuko hartza ere izan zitekeen agian, sudur gorria eta guzti, izan ere xelebrekeriak egitea, barrea eragitea, dantzaldiak eta parodiak eskaintzea eta ondorengo txalo zaparradak ikaragarri gustatzen zitzaizkion.

Dena ez zen iji-aja izan. Mai printzesari gogorra egin zitzaion bakarkako amatasuna, baina laster gauza batez jabetu zen. Bat izanda lan bikoitza egin behar zuen arren, trukean jasotzen zuen errekonpentsa ere neurri berekoa zen. Sorginak iragarri bezala, izerdiak izerdi eta malkoak malko, Beñatengandik jasotzen zuen maitasuna hain handia iruditzen zitzaion non izenari ere eragin egin zion. Ama zenetik ez zioten Mai deitzen, Maite baizik, orduan ez baitzen, lehen bezala, erdizka maitatua sentitzen, erabat baino.


 

Hondarribian, 2013ko urtarrilaren 25ean gure Martxel txikia aitatxorekin lotara joan zenean bukatutako ipuina.

 

 

Related Articles

3 Comments

  1. Mila mila esker, Maite

    Ene!! Sorpresa ederra hartu dot. Maiatzetik hona… ahaztuta neukan eskaera ere egin nizunik.

    Benetan, zoragarria iruditu zait ipuina. Agian apur bat luzeegia da Beñatentzat baina moldatuko dut nik berak berarentzat ulergarriagoa izan dadin.

    Eskerrikasko

    maite

  2. Ai Maite,

    Aste horroroso bat dakat. Lan pilo bat, Beñat gaixorik, eta ni ere erdipurdi… Ez nion merezitako iruzkina egin zure ipuinari.

    Atzo lasai lasai hartu eta berriz ere irakurri naban. Irakurtzen doten bakoitzean politagoa iruditzen jata. Bikaina da!! Atzo malkoak eta guzti atera zitzaizkidan emozioaren emozioz.

    Gogoratu ere ez naiz egiten ze datu eman nizkizun baina dudarik ez dago Beñat eta ni garela ipuin honetako protagonistak. Bete betean asmatu duzu. Ze polita izenen inguruko detailea!!

    Maketatuko dut paperean eta ea laguntxoren batek ilustrazio batzuk egiten dizkidan. Zerbait egiten badut ez izan dudarik ale bat bidaliko dizudala.

    Maite, bidalidazu zure helbidea mesedez. Nik ere opari bat egin nahi nizuke. Gustatzen zaizu txokolatea?

    Mila mila esker berriz ere.

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button