III. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian irabazlea

Orion, 2015eko azaroaren 11an

Gabon ama eta aita!

Hara! Inoiz egin ez dudan zerbait egitera ausartu naiz behingoz! Betidanik eduki izan dut zuei bioi eskutitz bat idazteko gogoa. Badakizue hau dela nire komunikazio modu naturala. Izan ere hitz egiterakoan ezin izaten dut nahi dudan guztia adierazi. Beti dago une horretan niri dagokidan argi-fokoa beste norabaitera bideratuko duen norbait. Baina idatzia, betirako geratzen da…

Bai ama, badakit  eskutitz hau irakurtzen hastean zein izango den zure lehenengo erantzuna “ba hunan garaia!”.

Baina urteek erakutsi didate hori dela zure hitz egiteko modua. Eta zaren bezelakoa onartu behar zaitut! Zuk bizitza bitan banatu izan duzu eta honez gero ez duzu bestelakorik egingo. Zure ondoan daudenen begietatik ikusten duzu eta urruti geratzen den oro okerra da. Edo behintzat hobetu beharrekoa. Eta kitto… Eta ni, bada, azken denboraldian zugandik/zuengandik urrutiratzen joan naizenez… Bada tamalez urruti antzean dagoena naizenez: ba hunan garaia!-n katalogatuko nauzu…

Eta zu aita? Badakit irakurtzea ez dela zure gustukua. Zuei gerra ondoren erakutsi zizueten bakarra castellano-z izan zela. Eskribitzen, letzen eta sumas eta restas… Baina badakit, bestalde, Diario Vasco egunero begiratzen duzula, izenburu handiak besterik ez bada ere, edo Oriok estropadetan zer egin duen jakiteko kiroletako orriari tartetxo bat eskeintzen diozula… Baina aita, zenbat aldiz eraman dut zuenera nik idatzitako zer edo zer? Eta zenbat aldiz bota diozu begiradatxoren bat? Nire aurrean inoiz ez…

Baina zaren bezelakoa onartu behar zaitut!

Azken finean eskutitz honen bitartez ez dut hau besterik lortu nahi: zuen etxera hirugarren postuan iritsi zen neska-motz hura, egun ere zuen beharrean dagoela adieraztea.

Beti izan naiz etxeko mimosa, txikitan aitarekin ezkondu nahi izaten duen horietakoa eta “había una vez un caperucito” esanaz hasten nituen beti nere ipuinak, gogoratzen? Ipuinetan zegoen nik adierazi nahi nizuen hura eta ipuinak ziren mundua irakurtzeko topatu nuen bidea… Gaztetan, berriz,  zuen esfortzu ekonomiko izugarriari esker nahi nuena ikasi eta horren ondorioz benetan gustukua dudan lanbidea lortu dut. Eta hori ez dizuet inoiz behar adina eskertu, ezta?

Baina egun dudan guzti-guztia, senarra, alabak, lanbidea… ez da ezer zuek ez bazaudete nire ondoan. Bai, badakit independiente itxurak egiten ditudala eta beti erakutsi izan dudala bizkar handiko emakumea naizela eta gurdiari tinko heltzen diodala eta igo behar den aldaparik gogorrenari ere aurrea hartzeko gai naizela beti erakusten dudala… Baina…

Begira, aurreko asteazkenean “Amama” ikustera joan ginen eta hain hitz gutxi dituen pelikulan begira zer bota zuen bertako semeak:“Egun bat zoriontsua izan nahi baduzu, mozkortu zaitez. Aste bat zoriontsu izan nahi baduzu, bidaiatu. Urte bat zoriontsu izan nahi baduzu, ezkondu. Baina bizitza osoa zoriontsu izan nahi baduzu, baratze bat zaindu.”

Eta zuekin gogoratu nintzen.

Horregatik eskutitz hau idazteko aukera aprobetxatu nahi izan dut. Inoiz esan ez dizkizuedan guztiak esateko. Gure baratza zaintzen jarraitzeko. Urteetan barnean izan ditudan fruituen loraldia zuek ere ikusteko. Eta ondo baderitzozue, noizik eta behin, urruti antzera dabilen hirugarren alaba horri bere baratze partikularreko barazkiak, landareak eta zuhaitzak ureztatzen eta goxatzen lagun iezaiozuen eskatzeko.

A, eta inoiz hitzez esan ez badizuet ere, jakizue izugarri maite zituztedala eta benetan harro nagoela ditudan gurasoez.

Zuen alaba, Miren.

Marisa arruabarrena Elizalde

48 urte

 

 

 

 

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba